XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Atzo goizean zela dirudi. Hala ere, hamabost urte haundi joan dira, konturatzeke, ustekabean. Eta atzera begira, laburbiltzeko oso zail den mila pasadizo datorkit burura.

Alabaina, bahean pasatu eta laburpen gisako zerbait egin beharrez, hamabost urte hauetako istorio pertsonalak aztertzen saiatu naiz. Laburraren laburrez, 1983ko abuztu hartako uholde gogorrak datozkit burura, Euskal Telebistarentzat lehenengo froga serioa huraxe izan baitzen, telebista hasiberri baten teknikari nahiz garai hartako EITBko gidaritzari zegokionez.

Asteburu triste hartako albiste saileko arduradun izatea tokatu zitzaidan, lantalde txiki bezain jator batekin; eta eguneko albiste saila lantzeko eskuratu genituen 3-4 ENG lokatzartean itota, ez aurrera eta ez atzera gelditu zitzaizkigunean, Espainiako Armadak Eusko Jaurlaritzari eskeini omen zizkion (irratiz horrela entzun genueneta) sei helikoptero haietako baten laguntasuna eskatu genien gure zuzendariei, lau ordurako bakarrik, bestela ezin genituen Basaurialde, Bermeo, Laudio eta urak hartuta zeuzkan Orialde edo beste bazterretako irudiak egin eta albistegia telebista berri eta adoretsu bati zegokionez osatzeko.

Erantzuna, bi orduren buruan jaso genuen. Ezezko borobila eta sekulako bronka, gainera. Zer ginela uste genuen? Gure kaskarinkeria oso ausarta iruditu nonbait. Egun haietako eginkizunak ahal genuen bezala bete genituen. Inork ez zigun esan ondo ala gaizki egin genuen.

Hamabost urte dira, besterik ez. Eta garai hartako egoera eta komunikabideen gaurregungo abiada kontuan izaki, konprenitu beharko da, hala ere, horrelakorik. Garaian garaiko izatea tokatu zaigu, ezinbestean.